Koldo Colomo
Euskararen
presentziak milaka urteko ibilbide luzea du gure ibarretan. Horren lekuko argienak
toki, mendi eta ibai izenak ditugu. Hala ere, kasu gehienetan izen mota hauek
bi mila urte inguru irautea ez da erraza. Alabaina, harrietan zizelkaturik beste
izen misteriotsu batzuk ditugu Nafarroako erdiko zonaldean, Erroma garaiko euskaldunek
utzi zizkigutenak, hain zuzen ere, gizabanako izenak eta jainkotasunen izenak. Lehenengoak,
antroponimikoak edo pertsona izenak izanik, Akitanian, Aragoin, Sorian eta
Araban egoteaz gain Nafarroan zenbait tokitan topatzen ditugu, besteak beste, Ummesahar, Agirseni, Abisunhar. Horretaz
gain iberiar izenak euskara moduan ahoskaturik ere baditugu gertu, esaterako, Urchatetelli Andelon. Hilarrietan
agertzen diren pertsona izenez aparte bereziago eta berezkoa den fenomeno bat agertzen
zaigu Nafarroako erdi aldean; jainkotasunen izenak. Fenomeno honek, gainera,
euskal sinesmenen berri ematen digu, hots, I. eta III. mende bitartean bizi
ziren euskaldunek zeri edo nori egiten zioten gurtza jakin genezake eta euren
kosmobisioaren nondik norakoak.