2020(e)ko ekainaren 16(a), asteartea

Mañeruibarko euskara. Koldo Colomo.


Mañeruibarko euskara
etxe izenen eta izengoitien bidez
                                                                                             
Koldo Colomo Castro, 2020/05/17

Etxe izenak
2014. urtean hogeita hamar laguneko ikerlan talde bat osatu genuen Izarbeibarko eta Mañeruibarko etxe izenak jasotzeko. Emaitza linguistikoa eta antropologikoa bikaina izan zeneta 2000 etxe izen baino gehiago jasogenituen bi ibarretan(Hainbat egile 2014),
Ikerlanari esker jakin ahal izan genuen Mañeruibar kokatuta dagoela Nafarroa Garaiko etxe izenen hegoaldeko mugan, Izarbeibarrekin batera. Horrez gain, Mañeruibarko ipar eta hegoaldeko herrien arteanetxe izenen erabileranez berdintasunak atzeman genituen. Iparraldeko herrietan -Girgillao, Arginaritz, Etxarren eta Artazu- etxe izen tradizionalak agertzen dira dokumentazio zaharrean, guztiak -(r)ena atzizkiarekin (Martikorena, Otokorena, Zirizarena, Urrutiena, Amezketarena, Adanena, Arraiarena, Larunberena, Matierena…) eta, gainera, haietako batzuk iraupen luzekoak dira, bederen XVII. mendetik etortzen zaizkigunak. Hala ere, hegoaldeko herrietako dokumentazioan -Mañeru eta Zirauki- ez genuen inolako etxe izenik aurkitu. Salbuespenak izan litezke Julio Laitak ahoz jaso zituenak Ziraukin, Zokokua eta Txiberrekua, biaketxe izenak (-kua/ -koa atzizkiarekin). Hirigintza ikuspegi batetik, Ziraukin etxe izenak ez agertzea ulergarria da. Izan ere, Patxi Salaberrik dioenez Erdi Aroko herri harresituetan etxeak elkar gainka eraikitzen dira, horrela banakako izaera eta izena galduz (Salaberri 2006, 872).
Jarraian aurkezten ditugun euskarazko hitzak baliagarriak dira ibarreko euskara ezagutzeko baina, batez ere, laizki interesgarria litzateke, Mañeruibarko egungo euskaldunek hitzak bereganatuko balituzte, eguneroko hizkeran erabiliz.


Euskararen historia Mañeruibarrean
Euskararen presentzia historikoari dagokionez, Mañeruibarko hegoaldean goizago galdu zen euskararen transmisioa. Ederki dakigu 1645. urtean euskara bizi-bizi zegoela herrian. Izan ere, urte horretan Leringo kondeak eskribau gaztelaniadun elebakarrak inposatu nahi izan zituen herrian eta horren aurka gogorki jo zuten ziraukiar guztiek, orduko epaiketa irabaziz (Jimeno Jurío 1997). XVIII. mendean zehar euskararen presentzia nabarmena da ibarrean eta lekuko gisa Mañeruibarko doktrina kristaua idatzia dugu, oraindik linguistikoki ikertu gabe dagoena (Carasatorre). Hala ere, 1869. urtean euskara galdua zen Ziraukin eta Mañerun, Bonaparte printzearen euskalkien maparen arabera. Hortaz, hizkuntza galera egoera hau bat dator, oro har, mende horretan Lizarrerrian ematen ari zen egoerarekin. Hona hemen lekuko gisa Barrès du Molard-ek, militar frantziarrak, 1842. urtean Lizarrerrriko euskararen inguruan zioena: “Lizarran gazteek ez dute euskaraz hitz egiten, inguruko herrietako zaharrek bakarrik dakite hizkuntza hori” (Etxaniz 2004, 118). Nago galera Iruñea-Lizarrako Errege bidearen eraginez gertatu zela, bi herriak, Zirauki eta Mañeru, komunikazio bide horretan kokaturik baitaude.
Mañeruibarko iparraldean, berriz, euskararen galera beranduago gertatuko zen. Izan ere, Artazun 1873. urtean, azken Karlistaldian, emakume bat aurkitzen dugu soldadu bati “lapurra, lapurra” oihukatuz (López-Mugartza 2012). Ziurrenik, herri hauetan euskararen transmisioak XIX. mendearen azken laurdenera arte iraun zuen, Izarbeibarren bezala. Izan ere, jakin badakigu azken euskalduna 1934 urtean hil zela, hain zuzen ere,Catalina Gamboa Gascue-Artazu 1857/1934 - (Pérez de Laborda 2019, 288).

Máximo etxea, Artazu

Euskarazko hitzak
Hizkuntzaren ikuspegi historikoa behin aztertu ondoren, joan gaitezen ezagutzera Mañeruibarko etxe izenek eta zenbait izengoitik utzitako bertako hizkeraren aztarnak.
Etxe izenetako ponteko izenen artean euskarazko forma hipokoristikoak aurkitzen ditugu, hau da, pertsonak deitzeko erabiltzen den modu familiarra. Ohikoa denez, forma hauek dokumentazio ofizialean ere azaltzen dira. Horrela ditugu Txantxo (=Santxo) eta Mantxika (= Pantxika) Argiñari zen, Laxiaro (= Lazaro), Migeltxo (Migeltxorena, Migel + -txo txikigarria) eta Matxinko (= Martin + -ko txikigarria) Artazun,eta Kasinto (= Jazinto), Gartxikona (Garchicona, 1824, Gartzi(a)+ -kotxikigarria+-(re)na) eta Matxinguena (Machinguena, 1824, = Matxingo+(r)ena, Martin izenaren hipokoristikoa), Girgillaon. Bertzalde, abizenen artean hipokoristikoak ere aurkitzen ditugu, hain zuzen ere, Txola (= Sola, 1646 eta 1726) Arginarizen.
Hizkeraren bilakabidearen ondorioz, abizen batzuetako hasierako e- hizkia galdu egin zela dirudi, erraterako, Txiniki (Etxenike) Artazun, eta Txiberrekua (Etxeberrikoa) Ziraukin, azken hau etxearen izen deskriptiboa izan liteke, bederen jatorrian.
Lanbideek argi erakusten dute nolakoa zen orduko gizartearen antolamendu soziala. Etxe izen mota horri dagokionez, Arginar izen dugu Arozena (Arocena, arotza edo errementaria, 1824)- egun “casaelherrero”-, eta Girgillaon Harginena (Arguiñena, 1824)- egun “casacantero”-, Zurginerena (Zurgiñerena, 1824) eta Arozena (Arocena, 1824). Zerrenda honi, beharbada, Ziraukiko Malarotx erranahi iluneko izena gehitu beharko genioke. Julio Laitaren arabera, hitza mal+arotz izan liteke, hasierako terminoa, baina, ongi jakin gabe zer den.
Izengoitiek ere etxe izenak sortzen dituzte. Norbanakoak bereizteko oso baliabide linguistiko aproposak dira izengoitiak, izan ere, iraganean izen eta abizen franko errepikatzen ziren herri batean. Artazun Iskurtxo dugu. Erranahi iluneko izengoiti honetaz dakigun guztia da horrela deitzen ziotela Domingo Latienda Echeverriari 1879 urtean. Horrez gain, herri berean daude Muturra (haserre itxura edo), Txatxurrio (txatxu), Txikito (txiki + -to txikigarria da), Zatondi (zahato handi), Burruña (?), Txipirrin (Txikia, txipia, Aezkoan Txikirrin abizena agertzen da) eta Xibole (?). Ziraukin Kiskirri dugu (kizkirri, larruaren gaixotasun sendaezina izan daiteke, baina tentuz ibili behar da, inguruko euskalkietan ez baita jasotzen), Ozpin (izaera desatseginekoa), Txapatenko (Txapatatik datorren hitzaala, agian, Mexikoko toki izena?), Txomo (?), Gatxa (Gatza?), Musia (?), Ondarra (izengoitia edo abizena ere izan daiteke) eta Laquillo (baliteke etortzea mahatsa tolesteko laku txiki batetik, gaztelaniazko atzizki txikigarria gehiturik). Etxarrenen dugu Txagarro (sagarra?) eta Girgillaon, Arroske (Harro?) eta Milkoa (?). Arginari zen Kuluxkene (Kuluxkarena?) izenarekin ezaguna da apezaren etxea, baina ez dakigu noiztik.
Izengoitiekin jarraiki, baina orainetxe izendegiaren arlotik kanpo,Maiorak (2010) zenbait hitz jaso ditu ibarreko dokumentazio historikotik. Izengoitien artean Artazun Tatin (eskaini bai baina gero ematen ez duena, 1644) eta Eguabil (?, 1697) ditugu, eta Arginarizen, Zuarrondo (Çuarrondo1569). Azken honi horrela deitzen zitzaionbere etxearen aitzinean zugarrondo bat zegoelako (Maiora 2010, 33).
Jentilizioa, hau da, pertsona baten jatorria adierazten duen hitza, etxe izen bateanagertzen zaiguZiraukin, Mañeruka (Mañerukoadena, -a gaztelaniaren femeninotik dator). Honen harira, erran behar da egungo gaztelanian mañeruko gizonekin eta mañeruka neskekin erabiltzen jarraitzen dela mañerutarrei izendatzeko. Eta jentilizioekin jarraiki, Artazukoari artazurro edo artazurra deitzen zaio egun, eta Ziraukikoari Ziraukarro edo Ziraukarra, betiere generoaren arabera (Pérez de Laborda 2017).
Amaitzeko, etxearen kokapenak etxeari ere izena ematen dio. Horrela gertatzen da Txarrantxuloko Etxarrengo etxe batean, Goikorena (Goycorena, 1725). Etxe hau elizaren ondoan dago, herriaren goiko partean. Bertzalde, Artazun Zoko etxea dugu,herriko zokoan kokaturik baitago, eta Ziraukin, arrazoi beragatik, Zokokua, etxea etakorta baten izena (Corral de Zokokua, Nafarroako Toponimia Ofiziala). Mañerun, aldiz, etxe izenik ez dugu topatu, baina Behitikoa leku-adberbioa aurkitu dugu1678. urteko apeo batean, hain zuzen ere, Juan de Beriainek zituen bi etxeak bereizteko erabilia “cassa de Juan de Beriain Veiticoa” (Hainbat egile 2014, 658).


Erreferentziak

-Carasatorre, R. (2020/05/17) “Doctrinarenexplicioauskaraz” TextosHistóricosNavarros. http://documentanavarra.blogspot.com/search/label/doctrina
-Etxaniz, P. (2004) “Lizarrako euskara. Historia de la lengua vasca en Tierra Estella” Alltaffaylla.
-Hainbat egile (2014) "Casas de Valdizarbe y Valdemañeru: nombres e historia" Loxa elkartea. https://www.academia.edu/25154122/Casas_de_Valdizarbe_y_Valdema%C3%B1eru_nombres_e_historia                 
-Jimeno Jurío, J.M. (1997) “Cirauqui (Navarra), pueblo monolingüe vasco (1650)” FLV XXIX, 75, orr. 219-231. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=26241
-López-Mugartza Iriarte, J.K. (2012) “Breve noticia sobre el teniente Matías Irurozki y el euskera de Artazu”, Revista de San Juan Filología y Didáctica de la Lengua, 12, orr. 119-123.https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=4055124
-Maiora Mendia, F. (2010) “Reino de apodos”
-Pérez de Laborda, F. (2017) “Diccionario de Valdizarbe y Valdemañeru. Léxico patrimonial actual: euskera y castellano” http://195.251.251.38/michalis/fplaborda/Izarbeibarko_hiztegia.pdf
-Pérez de Laborda, F. (2019) “Historia del euskera enValdizarbe y Valdemañeru”
-Salaberri, P. (2006) “Nafarroako euskal oikonimiaz” Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo, 40, 1-2 zbkia., orr. 871-894.   https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=2676141
-Salaberri Zaratiegi, P. (2009) "Izen ttipiak euskaraz" OnomasticonVasconiae, 26. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/72670.pdf


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina