2012(e)ko urtarrilaren 20(a), ostirala

Martín Ximenez de Benegorri XVII. mendeko Garesko elizetako bikario euskalduna

Koldo Colomok idatzitako artikukua

Trentoren kontzilioak eliza katolikoari haize berritzaileak eman zizkion. Europan sortzen ari ziren mugimendu protestanteen zabalpenari aurre egiteko beste jokamolde baten beharra zuen elizak. Trentok ezarritako aldaketek errenazimenduko kultur kutsu nabarmena zuten eta gizalaguna, formakuntza edota tokiko hizkuntzen erabilera ezinbestekoak ziren modu ulergarrian zabaltzen ahal izateko katolizismoaren doktrina.

Gogoan izan behar dugu XVI. mendean heresiaren aurkako borroka biziki nabarmena izan zela Nafarroan, garai eta behe nafarrak zatikaturik baitzeuden. Nafarroa beherako errege-erreginak protestanteak ziren eta, ordea, konkistaturiko Nafarroa Garaiko erre-erregin espainiarrak katolikoak. Baxenafarroan izkribu protestanteak euskaraz idazten hasi ziren herritarrek protestantismoaren doktrina hobeto uler zezaten, eta honen adibide gisa Joane d’ Albret Nafarroako erreginak 1571. urtean bultzatu eta Leizarragak latinatik itzuli zuen “Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria” liburua dugu.
     
XVII. mendean katolizismoari fededunen atxikipena bermatze aldera doktrina azterketa eta aitorpena ezarri zen. Horretarako herritarren hizkuntzaz predikatu behar zuten apaizek, ordura arte erabilitako latina elizako une berezietara baztertuz. Horrela izanik helduek eta umeek katekesira joan beharra zuten, bereziki garizuman, eta bukatzean, konfesorearen aurrean otoitzak eta doktrinari buruzko azterketa egin behar zuten ongi ikasi zutela erakusteko. Soilik azterketa hau gaindituz barkamena eta jaun hartzea egiteko eskubiderik lortzen ahal zuten fededunek.

Testuinguru honetan Garesko Udalaren akta liburuan Ximenez de Benegorri apaizaren izena atzematen dugu. Juan de Undiano Arnotegiko ermitau olerkigilea, Muruzabalgo Juan Juaniz de Etxalar Kalahorrako artzapezpikua izan zena eta Juan de Beriain Utergako abadea garaikideak eta agian lagunak zituen, guztiak euskadunak. Benegorri lizentziatua zen eta San Pedro elizako bikario izan ostean Santiago elizako bikario lanpostua lortu zuen. Ezbairik gabe garai hartan euskara jakiteak lanpostua eskuratzen lagundu zion. Etorri handiko gizona bide zen eta elizako sasoirik berezieneko sermoiak prestatu ohi zituen. Garestar gehienak, euskaldun elebekarrak izanik, doktrina katolikoa ederki ikasteko euskaraz egin behar zen, Garesen hain zuzen ere, hegonafarreraz, hots, Izarbeibarko euskalkiaz. 1614. urtean euskarazko sermoiak emategatik 3 dukado kobratu zituen Benegorrik.1619. urtean 100 erreal garizumako sermoiengandik ordaindu zizkion Garesko Udalak eta 1630. urteko garizumako sermoiei esker 9 dukado eta erreal bat irabazi zituen. 1631n hil zen.

Sermoiak, ezagutzen ez baditugu ere, galduriko euskararen lekuko ederrak izanen zirelakoan gaude.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina