2013(e)ko azaroaren 29(a), ostirala

Euskarazko jainkotasunaren izenak: zonaldeko kultura eta ekonomia aberastasun iturria.

Koldo Colomo

Euskararen presentziak milaka urteko ibilbide luzea du gure ibarretan. Horren lekuko argienak toki, mendi eta ibai izenak ditugu. Hala ere, kasu gehienetan izen mota hauek bi mila urte inguru irautea ez da erraza. Alabaina, harrietan zizelkaturik beste izen misteriotsu batzuk ditugu Nafarroako erdiko zonaldean, Erroma garaiko euskaldunek utzi zizkigutenak, hain zuzen ere, gizabanako izenak eta jainkotasunen izenak. Lehenengoak, antroponimikoak edo pertsona izenak izanik, Akitanian, Aragoin, Sorian eta Araban egoteaz gain Nafarroan zenbait tokitan topatzen ditugu, besteak beste, Ummesahar, Agirseni, Abisunhar. Horretaz gain iberiar izenak euskara moduan ahoskaturik ere baditugu gertu, esaterako, Urchatetelli Andelon. Hilarrietan agertzen diren pertsona izenez aparte bereziago eta berezkoa den fenomeno bat agertzen zaigu Nafarroako erdi aldean; jainkotasunen izenak. Fenomeno honek, gainera, euskal sinesmenen berri ematen digu, hots, I. eta III. mende bitartean bizi ziren euskaldunek zeri edo nori egiten zioten gurtza jakin genezake eta euren kosmobisioaren nondik norakoak.




Mendigorrian ezaguna da Larrahi jainkotasunaren izena, Andelo erromatar hirian aurkitu zen aldare-harri batean agertua, egun Andeloko museoan ikusgai dago. Hegoaldexeago, Larragan, Errensa euskal jainkotasunaren izena aurkitu zen beste aldare-harri batean. Berbintzanako Las Eretas aztarnategiaren interpretazio zentroan bisitagarria dago. Zerrenda itxi aldera, beste bi euskal izen gehitu beharko nituzke euskal jainkotasunaren zerrendara; Stelaitse (Barbarin) eta Peremusta (Eslaban).

Honaino interpretazio iluneko jainkotasunen izenak ikusi ditugu. Beraz, zeri edo nori egiten zioten gurtza, momentuz, ez dago jakiterik. Jarraian, esanahi argiagoko beste jainkotasun izen batzuk aipatzera noa. Oraingoan izenen bidezko ezagutza ez da soilik mugatuko arlo linguistiko-kulturalera, baizik eta arlo erlijioso-mitologikoa ere aztertzeko aukera izanen dugu. Losa izena dugu Ziraukiko, Girgilaoko eta Lerateko aldare-harri hirutan. Ziraukiko aldare-harria da errazago bisita daitekeena, herriko San Roman elizan gorderik baitago. Adituek lotzen dute Losa izena egungo “lotsa” hitzarekin, ahalke esanahiarekin, erromatarren jainkotasunen panteoian ere zegoen modura.



Javier Velazak, Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak, Muzkiko aldare-harri batean Urde izeneko jainkotasuna aurkitu zuen eta egungo “urde”(txerri) hitzarekin lotu du. Nafarroan agertzen diren animalien beste bi izenekin, Itsacurrinne (Izkue)  eta Lacubegi (Uxue), harremanetan jar dezakegu Muzkikoa. Lehenengoak “txakur” hitzarekin erlazionaturik dago eta bigarrena egungo “behi” hitzarekin. Honetan duda askorik ez, nafar museoan dugun Lacubegiren aldare-harriko alde batean behi baten burua zizelkaturik baitago. Urde jainkotasunaren izenera itzuliz, aipatu beharra dago urdeari gurtza mundu osoan zehar zabaldurik egon dela. Adibidez, erromatarren sinesmenetan animalia hau oso loturik agertzen zen Deméter jainkosarekin, hain zuzen ere, amalurraren eta nekazaritzaren jainkosa. Inguruko zeltiberiar aztarnategietan, Bianan urdearen irudia agertzen zaigu burdinezko fibula eta tesera banan eta, Laguardiako La Hoya aztarnategian, tamaina handian harriz egindako ordotsa itxurako eskulturan..

Hala ere, harrigarriena da jakitea sinesmen horien aztarnak XX. menderaino ailegatu ahal izan direla euskal mitologiaren bidez. Barandiaranek jasotako kondairetan Mari, euskal jainkosa gorena, behi bihurtzen ahal izaten zen bere agerraldietan. Urde ere Mari ondoan agertzen omen zen Txindokiko leze batean, gorri kolorekoa. Bermeon, Gernikan eta Txorierrin urde  itxurako iratxoak ere bizi omen ziren inguruko lezeetan eta putzuetan eta , Saran, urde itxurako izaki mitologikoak ere omen ziren. Azkenik, Gorbeia aldean, gauerdian agertzen ziren urde batzuk, erdi txerriak erdi arimak zirenak, eta heriotza errituekin lotura omen dute. Hala ere, balizko lotura hauek guztiak aztertu gabe dago eta mitologian adituei dagokie sakontzea antzekotasun hauen zergatietan.



Honetaz guztiaz ondorioztatu daitekeenez duela bi mila urteko euskal sinesmenek harreman handia zutela naturarekin eta lurraren oparotasunarekin, eta hemen aipaturiko kasuetan bezala, agian lurrarekiko gurtza animalien itxurako jainkoen bidez ordezka lezaketeela.

Amaierarik gabeko krisi honetan turismo kulturala agertzen zaigu garapenerako aukera gisa, eta hona hemen material berria ustiatzeko: gure historia, euskarazko hitz zaharrak, jainkotasunen izenak, Europako hikuntzarik zaharrena, misterioa, duela bi mila urteko euskaldunen kosmobisioa eta naturaren ulermena... Eta jakina, hori guztia Nafarroako erdiko zonaldean, non eta egun euskara aski baztertuta dagoen tokian. Euskara eta euskal kultura  prestigiatzeko eta, aldi berean, kultur-turismoaren bidez ekonomia suspertzeko aukera paregabe baten aurrean gaudelakoan nago. Argi da, ba, hizkuntzek aberastasun kulturala emateaz gain negozioa ere badirela eta euskarari atarramendu ekonomiko gehiago ateratzen ikasi beharko genukeela.

Koldo Colomo

En Mendigorria, Larraga, Zirauki, Guirguillano o Muzki tenemos divinidades con nonmbre vasco de unos dos milenios de antigüedad: Larrahi, Errensa, Losa, Urde...

Se trata de un fenómeno exclusivo de la zona media de Navarra, que gestionado a través del turismo cultural podría ayudar económicamente a sus habitantes. Las lenguas, además de aportar una riqueza cultural, nos dan una riqueza económica que deberíamos aprender a optimizarla.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina